Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Selim

Turkiako hiru sultanen izena. v Selim I.a (“Ankerra” deitua). Turkiar sultana, 1512-1520 urteetan (Amasia, 1467 - Konstantinopla, 1520). Bere aita Bayaceto II.aren aurka matxinatu zen, eta haren karguaz jabetu zen jenizaroen laguntzaz (1512). Anaiak eta ilobak hilarazi zituen, eta hasieran kristauekin bakean bizi izan bazen ere, 40.000 xiita hil zituen bere mendeko lurraldeetan. 1513. urtean, Azerbaijango Tsaldiran hirian, Ismail I.a Pertsiako xiiten erregea garaitu zuen. Bere mendeko lurraldeak egin zituen Kurdistango herri sunnitak, Mesopotamia garaia, Siria eta Egipto, eta 1517an Kairon sartu zen garaile.  v  Selim II.a (“Mozkortia” deitua). Turkiar sultana 1566-1574 urteetan (Magnesia, 1524 - Konstantinopla, 1574). Bisir handiaren esku utzi zituen estatuko arazoak, eta hark bake hitzarmenak sinatu zituen Maximilianorekin (1568) eta Ivan Izugarriarekin (1570). Turkiarrek Zipre inbaditu zuten, eta Veneziarekin sinatutako hitzarmena hautsi egin zuten. Turkiako itsas armada suntsitu zuten Lepanton (1571), baina Zipre turkiarren mende geratu zen. v Selim III.a. Turkiar sultana 1789-1807 urteetan (Konstantinopla, 1761 - Konstantinopla, 1808). Hainbat gudu galdu ondoren Austria eta Errusiarekin hitzartu behar izan zuen (Sistovo, 1791; Iasi, 1792). 1798. urtean Napoleonek Egipto inbaditu zuenean 1802. urtea arte iraun zuen gerra piztu zuen. Barne politikari dagokionez, nahaste garai batean sartu zen Turkia: serbiarrak matxinatu ziren; wahhabiarrek Meka hartu zuten; barne aldaketek jenizaroen matxinada eragin zuten. Azken horiek sultanaren lekua hartu zuten, eta Mustafa IV.ak Selim III.a hilarazi zuen hamalau hilabete geroago.