Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seleukos

Seleukotarren dinastiako sei erregeren izena. ik. seleukotar.  v  Seleukos I.a Nikator («Garailea») Alexandroren jenerala eta seleukotarren dinastiaren sortzailea (Europus, Mazedonia, K.a. 358 ingurua - Lisimakia, Trazia, 281). Antioko izeneko Filipo II.aren jeneral baten semea zen. Alexandro Handiaren gudarosteko ofiziala zela Asiako kanpainian nabarmendu zen. Alexandro hil zenean (K.a. 323) Perdikas-en aurkako borrokan esku hartu zuen (K.a. 321), eta inperioaren zatiketan Babiloniaren gobernua egokitu zitzaion. Antigonos Monophthalmos-en aurka jardun behar zuen Diadokoen –Seleukos, Ptolomeo, Kasandro, Lisimako– elkartearen eragilea izan zen. 316an Babiloniatik ihes egin behar izan zuen, baina 312an Ptolomeoren gudarostearekin bat eginik, Gazan Antigonosen seme zen Demetrio Poliorzete garaitu zuen, eta berriro Babilonia eskuratu zuen. 305ean errege (basileus) izendaturik, India aldera hedatu zuen bere mendeko lurraldea. Gero, Iran eta Baktriana hartu zituen, eta mendebalera jo zuen. Berriro Ptolomeo, Kasandro eta Lisimakorekin elkarturik, K.a. 301ean Antigonos garaitu zuen Ipsos-eko guduan. Hiriburua Seleuziatik Orontes-eko ertzetan eraikitako Antiokiara eraman zuen, Mediterraneoaren gaineko nagusigoa lortzearren. Siriako hegoaldearen jabetza zela medio, Seleukos Demetrio Poliorzete-rekin elkartu zen Ptolomeoren eta Lisimakoren kontra. 285ean, alabaina, Demetrio preso hartu zuen. 281ean Lisimakori garaiturik, haren erresumaz jabetu zen. Mazedoniaren kontra jo zuen ondoren baina Ptolomeo Keraunos-ek hil zuen. v Seleukos II.a Kallinikos («Garaile handia»). Siriako erregea, K.a. 246-225 urteetan (K.a. 265 - K.a. 225). Antioko II.a Zeos-en semea zen, eta aitaren emaztea eta haren semea baztertu behar izan zituen koroaz jabetu ahal izateko. Siriako ekialdea galdu zuen partiarren aurkako gerran (K.a. 246-241).  v  Seleukos III.a Soter («Salbatzailea»). Siriako erregea, K.a. 225-223 urteetan (K.a. 223an hila). Seleukos II.aren semea eta ondorengoa izan zen. Pergamoko hiriaren aurkako gudu batean hil zen. v Seleukos IV.a Filopator («Aita maite duena»). Siriako erregea, K.a. 187-175 urtetean (K.a. 217 - K.a. 175). Antioko III.aren semea eta ondorengoa izan zen. Erromatarren eta Pergamoko hiriaren aurka borrokatu zen, eta Palestinaren konkista prestatu zuen. Heliodoro ministroari Jerusalemgo tenpluko altxorraz jabetzeko agindu zion. Heliodorok hil eta haren lekua hartu zuen, Palestinan huts egin ondoan.