Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Selberg, Atle

Norvegiar matematikaria (Langesund, Norvegia, 1917 - 2007). Ramanujanen testu batzuk eta Hecke-k Osloko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1936) egindako hitzaldia irakurri zituenean hasi zen matematikarekin zaletzen. Doktoregorako ikerlana Osloko Unibertsitatean egin zuen, eta 1942an, doktoregoa bukatu baino urtebete lehenago, ikerketa kide izendatu zuten. Postu horretan egon zen 1947an Estatu Batuetara joan zen arte. Princetongo Ikerketa Aurreratuetarako Institutuan egon zen eta irakasle laguntzaile izan zen Syracuseko Unibertsitatean. 1951ean Princetongo irakasle egin zuten. 1950eko Harvard-eko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan Fields domina jaso zuen; Viggo Brun-en galbahe metodoen orokortzea egiteagatik eta Riemann-en zeta funtzioaren azterketarengatik irabazi zuen saria. Bestalde, Selberg ezaguna da zenbaki lehenen teorema bat, progresio aritmetiko arbitrarioekin zerikusia duena, frogatzeagatik. Teorema hori XVIII. mendean azaldu zen lehenengo aldiz, eta Riemann-ek, Hadamard-ek eta de la Vallée Poussin-ek frogatu zuten, azkeneko biek analisi konplexua erabiliz. 1949an Selberg eta Erdös-ek analisi konplexua erabiltzen ez duen froga bide bat aurkitu zuten, Matematikaren Analetan argitaratu zena, An elementary proof of the prime number theorem (Zenbaki lehenen teoremaren frogapen oinarrizkoa) eta An elementary proof of Dirichlet's theorem about primes in an arithmetic progression (Zenbaki lehenei buruzko Dirichlet-en teoremaren oinarrizko froga progresio aritmetiko batean) izenekin. Selbergek matematikako beste arlo batzuk ere aztertu zituen: Rankin-Selberg metodoa, Selberg-en arrastoen formula, Selbergen zeta funtzioa, funtzio automorfikoak eta Dirichlet-en serieak, besteak beste. Bestalde, Axel Thue-ren Selected mathematical papers aldizkariaren (Oslo,1977) zuzendarietako bat izan zen. 1989an Reflections around the Ramanujan centenary (Ramanujan-en mendeurrenari buruzko gogoeta) liburua argitaratu zuen. Fields dominaz gainera, beste ohore asko jaso zituen Selbergek: Norvegiako Zientzietako Akademiako kide, Zientzietako eta Letretako Daniar Errege Akademiako kide, eta Ameriketako Arte eta Zientzien Akademiako kide aukeratu zuten.