Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schütz, Heinrich

Alemaniar musikagilea (Köstritz, Turingia, 1585 - Dresde, 1672). 1599. urtean koru mutila izan zen Kassel-go gorteko kaperan. 1609-1612. urteetan musika ikasketak egin zituen Venezian G. Gabrielirekin. Harrezkero harreman estuak izan zituen beti Italiarekin. Geroago Kassel-go gorteko organista izan zen eta 1617. urtetik hil arte Dresdeko kapera maisu. 1635-41. urteetan Konpeagen bizi izan zen, Danimarkako printzeak gonbidatua. Schütz XVII. mendeko alemaniar musikagilerik handiena izan zen. Haren musika lanetan italiar, holandar eta frantses moldeak nahasten dira. Koru musika dramatiko ezin hobea idatzi zuen, eta moteteak Lassus-ek eta J.S. Bach-ek idatzi zituztenekin pareka daitezke. Lan aipagarriak dira, besteak beste: Il 1° libro de madrigali (1611); Concerte (1618); Psalm CXXXIII (1621); Cantiones sacrae (1625); Symphoniae sacrae (1629); Jesu Kristo gure Jaunaren pasio eta heriotza (lau pasio, lau ebanjelioen arabera).