Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sauve, Jeanne

(Jaiotza izena, Jeanne Benoit). Kanadar politikaria eta kazetaria (Prud'homme, Saskatchewan, 1992). Ottawa, Paris eta Londresen egin zituen ikasketak. Kanadako Gaztedi Ikasle Katolikoa mugimenduaren lehendakari nazionala izan zen, eta 1947an Québec-eko Gazte Mugimenduen Federazioa sortu zuen. 1951n UNESCOko Gazte Saileko zuzendari laguntzaile izendatu zuten. Kazetari gisa (1952-1972), Kanadako eta Estatu Batuetako zenbait irratitan lan egin zuen. 1961ean Montréaleko Artisten elkarteko Batzordeko kide izendatu zuten, eta 1968-1970 bitartean erakunde horretako lehendakariorde izan zen. Kanadako Herri Arazoetako Institutuko lehendakari izan da, eta bi irrati eta telebista enpresa handiko administrazio batzordeko kide. 1970eko hamarraldiaren lehenenego urteetan, The Montréal Star egunkariko editorialista izan zen, eta 1972an Ikerkuntza Politikoko Insitutuko kide izendatu zuten. Azkeneko urte horretako hauteskunde orokorretan aulkia lortu zuen Alderdi Liberaleko ordezkari gisa. Hilabete geroago, Zientzia eta Teknologiako ministro izendatu zuten, 1974. urtea arte. Aurreraxeago Ingurumen ministerioaren ardura hartu zuen bere gain, eta 1975-1979 bitartean Komunikazio ministerioarena. 1979ko hauteskunde orokorretan diputatu hautatu zuten berriro, eta 1980an Legebiltzarreko lehendakari izendatu zuten. 1984az geroztik Kanadako gobernari nagusia eta komandante buru da; lehen aldia da emakume batek kargu hori duena.