Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saura, Carlos

Espainiar zinemagilea (Huesca, 1932). Zinema ikasketak Madrilen egin zituen. Film laburrak egin zituen eta argazkilaria izan zen. Los golfos (1959) du lehen film luzea, neoerrealismoaren eragina duen lan bikaina. Zentsurak moztu eta itxuragabetu zion hurrengo filma, Llanto por un bandido (1963, Bidelapur batengatik deitorez). 1964an Elías Querejeta ekoizlea ezagutu zuen eta hamahiru film egin zituzten elkarrekin, zentsurari erronka eginez garai hartako Espainiako giroa parabolen bidez adierazten zutenak: La caza (1965, Ehiza), Gerra Zibilari buruzko parabola zorrotza; Peppermint frappé (1967), Stress es tres, tres (1968), La madriguera (1969) gizonen eta emakumeen arteko harremana aztertzen duten filmak; El jardín de las delicias (1970), Ana y los lobos (1972) eta La prima Angélica (1973) frankismoaz eta oroimenaz mintzo direnak; Cría cuervos (1975) eta Elisa vida mía (1977) haurren eta helduen arteko harremana kontatzen dutenak. Film horiekin nazioartean arrakasta handia izan zuen eta hainbat sari jaso zituen. Franco hil ondoren, Con los ojos vendados (1978), torturari buruzko filma egin zuen. Handik aurrera, askotariko filmak egin ditu: komediak, Mamá cumple cien años (1979), film errealistak, Deprisa, deprisa (1981), abenturazkoak, El dorado (1987), barnekoiak, La noche oscura (1988), tragikomediak, Ay, Carmela! (1990), eta flamenkoari buruzkoak, Antonio Gades dantzariarekin batera: Bodas de sangre (1981), Carmen (1983), El amor brujo (1986), Sevillanas (1992).