Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sandinista, Fronte

(Esp. Frente Sandinista de Liberación Nacional [FSLN]). 1962. urtean Nikaraguan, César Augusto Sandinoren ideologiari jarraituz, sortu zen erakunde politikoa. Erakundearen lehen helburua borroka armatuaren bidez Somozaren gainbehera lortzea zen. 1974. urtetik aurrera areagotu zituzten ekintza armatuak estatuaren iparraldean, eta 1977. urtean hiru adarretan banatu zen FSLN: Guerra popular prolongada (Tomás Borge) eta Tendencia proletaria (Carrión, Wheelock), marxista-leninistak biak, eta Terceristas (Daniel eta Humberto Ortega, Edén Pastora, Tirado). 1978. urtetik aurrera Somozaren aurkako eraso gogorrak bideratu zituen fronteak (nazioko jauregiaren okupazioa) eta hiru adarrak batzeko urratsak eman ziren (1979). 1979. urtean hasi zen Nikaraguako gerra zibila eta urte berean Fronte Sandinistak Nikaragua osoa konkistatu zuen. Batasun nazionaleko gobernua eta gudaroste sandinista eratu zituzten ondoren. Nikaraguako aginpidean izan zen 1979. urtetik 1990. urtea arte.