Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Samper, Ernesto

Kolonbiar politikaria, Errepublikako lehendakaria 1994-1998 urteen bitartean (Bogota, 1950 - 1998). Ekonomiako lizentziadun egin zen 1972an eta zuzenbidekoa 1973an. Graduatu ondorengo ikasketak Columbiako Unibertsitatean (New York) egin zituen, 1979an. Bogotako Unibertsitatean bilakaera ekonomikoko irakasle izan zen (1974-1989). 1982an Alderdi Liberaleko idazkari nagusi izendatu zuten, eta handik bi urtera Cundinamarca barrutiko diputatu izan zen. Aldi berean Bogotako zinegotzi ere izan zen. 1987an Alderdi Liberaleko presidente hautatu zuten eta handik bi urtera atentatu bat izan zuen. Samperren hautagai zerrenda galtzaile irten zen bere alderdi bereko César Gaviriarenaren aurrean. Dena dela, presidente berriak Ekonomiaren Bilakaerarako ministro hautatu zuen. Baina hurrengo urtean kargua utzi eta Espainiako enbaxadore izendatu zuten (1991-1993). 1993an Errepublikako lehendakari izateko hautagai izan zen eta irabazi egin zituen hauteskundeak Andrés Pastrana kontserbadoreari aurrea harturik. Azken horrek Samper salatu zuen Caliko narkotrafikatzaile taldearen eskutik dirua hartu izanaz. Salaketa ugari eta Errepublikako fiskal orokorraren ikerketak egon ziren, eta 8.000 auzia esan zena hasi zen. Auzi horren ondorioz, hainbat parlamentario eta politikarik zigorrak izan zituzten. Samperrek Caliko narkotrafikatzaileen buruak atxilotzea lortu zuen. Konstituzioaren erreforma bultzatu zuen eta lortu zuen Kongresuak onartzea 1997an. Samperren agintaldian Kolonbiak krisi instituzional larrienetako bat jasan zuen. Gerrillen boterea indartu egin zen eta baita paramilitarrena ere, milaka familiek bere lurrak utzi behar izan zituzten. 1998ko hauteskundeetan Andrés Pastrana kontserbadoreak hartu zuen presidente kargua.