Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Samotrazia

(Gr. Samothraki). Greziako ipar-ekialdeko uhartea, Egeo itsasoaren iparraldean, Hebros-eko nomo edo departamenduan, Trazia eta Imroz-eko uhartearen artean. 180 km2 eta 3.000 biztanle. Hiri nagusia, Samotrazia (2.000 biztanle), ipar-mendebaleko kostaldean. Uharte menditsua da (Fengari mendia, 1.600 m). Laborantza eta arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak.  v  Historia. K.a. VIII. mendean, Samos-ko kolonoak bertara heldu zirenean, Traziako Samos izena hartu zuen uharteak. Erdi Aroan bizantziarren, genoarren eta turkiarren mende egon zen. 1863. urtean bertan aurkitu zuten Samotraziako Garaipena izenaz ezagutzen den marmolezko eskultura (K.a. III-II. m.). Emakume hegalduna irudikatzen du, eta K.a. IV. mendearen bukaeran Demetrio I.a Poliorcetes-ek Salaminan izan zuen garaipenaren omenez eginikoa bide da. Heleniar eskulturaren maisu-lanetako bat da aipaturiko eskultura (Louvreko museoan gaur egun).