Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sampaio, Jorge

Portugaldar politikaria (Sintra, 1939). Zuzenbide ikasketak egin zituen. Politikan 1958an hasi zen Humberto Delgado jeneralaren alde egin zuenean Errepublikako lehendakaritzarako kanpainan. 1960ko hamarraldian ikasleen buruzagi izan zen portugaldar unibertsitarioek Lisboa, Oporto eta Coimbran izan zituzten borrokaldietan Antonio de Oliveira Salazarren diktaduraren kontra. Aldi berean, preso politikoen abokatu izan zen. 1974an behin-behineko IV. gobernuan parte hartu zuen, eta Lankidetzako Estatuko idazkari izan zen. Handik gutxira, Ezker Iraultzaileko Higikundearen sorreran parte hartu zuen. 1978an Portugalgo Alderdi Sozialistan sartu zen eta hurrengo urtean Estrasburgon Giza Eskubideen Europako Batzorderako hautatu zuten. 1985. urteaz geroztik Alderdi Sozialistako diputatu izan zen, eta 1989an sozialisten idazkari nagusi hautatu zuten. Sampaiorekin Alderdi Sozialistaren estrategia politikoa Alderdi Sozialdemokratari nagusitasuna kentzea izan zen. 1989an Alderdi Sozialistak Portugalgo udal nagusiak Alderdi Sozialdemokratari kentzea lortu zuen, eta Sampaio Lisboako alkate hautatu zuten. Handik bi urtera berriz ere hautatu zuten hiburuko alkate. 1995ean lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa azaldu zuen, eta 1996an garaile irten zen.