Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saint Helena

Ingalaterrako itsasoz harandiko kolonia eta uhartea, Ozeano Atlantikoaren hegoaldean, Afrikako kostaldetik 1.850 km-ra. 122 km2 ditu guztira eta 5.500 biztanle. Saint Helena uhartearen mende daude, bestalde, Ascension eta Tristan da Cunha uharteak. Jamestown da hiriburua eta portua. Sumendiek eragindako uhartea da. Klima epela da. Oso landaretza oparoa da barnealdean baina kostaldera hurbildu ahala murriztu egiten da. Europarrek (britainiarrak, batez ere), asiarrek eta Afrikako etorkinen ondorengoek osatzen dute Saint Helenako biztanleria. Laborantza (lihoa, patata, artoa, barazkiak), abere hazkuntza (behi eta zerri azienda) eta arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak. Garapen bidean dagoen herria da, eta Ingalaterrak kitatzen ditu uharteko urteko aurrekontuaren bi-heren. Estatu Batuen mendeko hegazkin base garrantzitsua dago Ascension uhartean.  v  Historia. Portugaldarrek aurkitu zuten uhartea 1502an, eta erbesteratuentzat egokitu zuten hasieran. 1645ean holandarrek hartu zuten. Ingalaterraren esku zegoen 1659an, eta aldi batez berriro holandarrek konkistatu bazuten ere (1673), ingelesen mende geratu zen betiko. Hara erbesteratu zuten ingelesek Napoleon (1815-1821) eta han hil zen. 1834. urtean Ingalaterrako gobernuaren administraziopean jarri zen eta XIX. mendean portu garrantzitsu bihurtu zen Indietarako bidean, Suezko ubidea zabaldu zen arte, hain zuzen.