Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rubinstein, Anton Grigorievitx

Errusiar pianista, musikagilea eta irakaslea (Vychvatinetz, Podolia, 1829 - Peterhof, San Petersburgo, 1894). Bederatzi urte zituela eman zuen lehen kontzertua. Konposizio ikasketak egin zituen Berlinen S. Dehn-ekin 1844-46 urteetan. 1849. urtean San Petersburgora joan zen, Elena Pavlovna dukesaren pianista izan zen eta operak idatzi zituen. 1854-58. urteetan Europan zehar eman zuen kontzertualdi baten ondoren, ospetsu egin zen. 1862. urtean San Petersburgoko kontserbatorioa sortu zuen eta hango zuzendari izan zen 1867 arte. 1867-1886. urteetan kontzertualdiak eman zituen Europan, eta 1872-73. urteetan Estatu Batuetara jo zuen. Rubinsteinek gaur egun arteko errusiar pianisten eskolaren oinarriak finkatu zituen. Teknika ezin hobea zuen, Liszt-enaren parekoa. Opera aipagarriak ditu, besteak beste: Dmitri Donskói (1852); Paradisu galdua (1855); Babelgo dorrea (1872) eta Neron (1879).