Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rubial Cavia, Ramón

Bizkaitar politikaria, sozialista (Erandio, 1906 - Bilbo,1999). 14 urte zituenean hasi zen lanean lantegi batean eta urte berean egin zen UGT sindikatuaren metalgintza adarreko kide. PSOE alderdiko kide egin zen bi urte geroago. Gerra Zibila hasi zenean Bilbon atxilotu zuten (1937) eta 19 urtez ibili zen espetxez espetxe. 1945. urtean Babcock-Wilcox enpresan preso-langile zela, ihes egin zuen, baina Oiartzunen harrapatu zuten; 1956 arte egon zen kartzelan. 1957. urtetik 1972. urtean PSOE-ren Okzitaniako Tolosako kongresua egin zen arte alderdiko batzorde eragileko kide izan zen, eta bi urte geroago Felipe González alderdiko idazkari nagusi izendatu zuen kongresuan parte hartu zuen. PSOEko lehendakari izendatu zuen XVII. kongresuak (1976) eta senatari hautatu zuten Bizkaitik 1977an. Eusko Kontseilu Nagusiko Lehen lehendakaria izan zen 1979 arte, eta senatari hautatu zuten berriro ere urte berean. 1979. urteko PSOE alderdiko kongresu bereziak alderdiko lehendakari hautatu zuen berriz. Bilbon hil zen, 1999ko hauteskunde kanpainan parte hartzeko prest zegoela, nahiz eta Madrilen eman denborarik gehiena bere azken urteetan. Osasun arazoak izan arren, ez zion inoiz utzi bere karguaren eskakizunei erantzuteari. Ramón Rubial militante sozialista historikoa bi belaunaldiren arteko zubi izan zen: Francoren aurkako borrokan nabarmendu ziren klandestinitate garaiko sozialisten eta Franco hil ondoren agintera heldu zirenen artekoa, alegia.