Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rubert de Ventós, Xavier

Espainiar filosofo eta politikaria (Bartzelona, 1939). Bartzelonako Unibertsitateko estetika irakaslea eta Unibertsitate Politeknikoko katedraduna. 1976. urtean Filosofiako Kolegioaren sorreran parte hartu zuen. Baina Rubertek politikan ere jardun du. Alderdi Sozialistako (PSOE) diputatu izan zen lehenik (1982-1986), eta Europako Legebiltzarreko kide ondoren (1987). Bere lanei dagokienez, estetika, politika eta morala izan ditu aztergai nagusiak, eta ikuspegi kritikoa erakutsi izan du beti tradizio filosofiko ortodoxoari dagokionez. El arte ensimismado (1963) eta Teoría de la sensibilidad (1968) saiakera liburuak argitara eman zituenez gero hasi zen ospea irabazten; izan ere, lan haiek oso harrera ona izan zuten olerkari eta intelektualen aldetik, nahiz eta Rubert de Ventósek alde batera utzi zituen garai hartan Espainiako kulturan indarrean zeuden proposamen teorikoak, marxismoaren kutsua, Jean-Paul Sartreren eragina, estrukturalismoaren indarra, psikoanalisia eta, batez ere, nouvelle vague mugimenduaren lehenengo ezaugarriak. Oso egile oparoa da, eta saiakera liburuak ez ezik, aforismoak, egunkariak eta azterketa historikoak ere eman ditu argitara, adibidez Moral y nueva cultura (1971), zeinetan agertu baitzuen berak "beste moralari", hau da, finkatuta dagoenaz eta arrazoizkoa litzatekeenaz bestelako moralari buruzko bere ikuspegia; La estética y sus herejías (1974); De la modernidad (1980); Conocimiento, memoria, invención (1982); Ensayos sobre el desorden (1986); Europa (1987); El laberinto de la hispanidad (Espainiako Ispilu saria, 1987) eta El cortesano y su fantasma (1991).