Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rossetti, Dante Gabriel

Ingeles poeta eta pintorea (Londres, 1828 - Birchington, Kent, 1882). Arrazoi politikoengatik Ingalaterrara erbesteratu zen italiar idazle baten semea zen eta, anaia-arrebek bezala, goi-mailako hezkuntza jaso zuen. 1848. urtean, Royal Academy eskolako zenbait kiderekin, prerrafaelisten elkartea sortu zuen. Lehen pinturetan estilo soila erabili zuen lerro eta kolore garbien erabileraren bidez (1850, Ecce Ancilla Domini). Hainbat erretratutako modelo izan zuen Elizabeth Siddal-ekin ezkondu zen 1860an baina bi urteren buruan hil zitzaion emaztea, eta gertakari horrek artistaren izaera depresiboa sakondu baino ez zuen egin. Chelsean jarri zen bizitzen 1863an eta Erdi Aroko italiar poeten obren itzulpenei esker izen ona lortu zuen ingeles literaturako munduan. Erdi Aroko kondairetan eta antzinateko idazle ingeles eta italiarren obretan oinarritu zen Poems (1870, Poemak) eta Ballads and Sonnets (1881, Baladak eta sonetoak) poesia bildumak argitaratzeko. Aipagarriak dira, halaber, Beatriz beata (1863) eta Danteren ametsa (1880) koadroak.