Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Romero, Pedro

Espainiar zezen hiltzailea (Ronda, 1754 - Ronda, 1839). Juan Romero zezen hiltzailearen semea zen, eta haren jarraitzaile izan zen. 1770. urtean, aitarekin batera hasi zen zezenketan, eta 1771. urtean Jerez de la Fronteran, Estremaduran eta Malagan ibili zen. 1772. urtean aurkezpena egin zuen Sevillan, eta 1775. urtean Madrilen. Aitaren antzera, Costillares izeneko zezen hiltzailearen aurkari izan zen plazetan. Geroago, 1789. urtean, Pepe-Hillo zezen hiltzailearen aurkari bihurtu zen. 1791-1799. urteetan Madrilen bakarrik aritu zen. 1830. urtean Sevillako tauromakia eskolako maisu izan zen. Zezen hiltzaile izan zen garaian, 1771-1799. urteetan, 5.600 bat zezen hil zituen eta haren izena Espainiako zezen plaza guztietan agertu zen.