Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rominger, Tony

Suitzar txirrindularia, jatorriz daniarra (Edliback, 1961). Hainbat talderekin aritu zen, Clas-Cajastur, Cilo, Brianzoli, Chateau d'Ax, eta Toshiba taldeekin, besteak beste. Edozein eratako lasterketetarako txirrindulari bikaina zen, eta ongi moldatzen zen maldan gora, erlojuaren kontra zein ibilbide luzeko lasterketetan. Txirrindularitzan gertatu ohi ez den bezala, bere karreraren amaiera aldean lortu zituen garaipen handienak gainera. 31 urterekin irabazi zuen Espainiako lehenengo itzulia, eta hurrengo bi urteetan ere garaipena lortu zuen (1992, 1993 eta 1994); 1995ean Italiako Giroan garaile izan zen; bestalde, orduko errekorra gainditu zuen bi aldiz, eta errekor horren jabe izan zen 1994-1996 bitartean. Garaipen aipagarriak ditu, orobat, munduko txapelketako brontzezko domina (1996), Nazioen bi sari nagusi (1991 eta 1994), Paris-Niza (1991), Lonbardiako beste bi (1989 eta 1992), Euskadiko hiru itzuli (1992, 1993 eta 1994). Romingerrek behin baino gehiagotan parte hartu zuen Frantziako Itzulian, baina bigarren gelditzea izan zuen lasterketa horretan emaitzarik onena. 1997an utzi zuen txirrindularitza profesionala.