Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rommel, Erwin Johannes Eugen

Alemaniar mariskala (Heidenheim an der Brentz, Württemberg, 1891 - Herrlingen, Ulm-etik hurbil, 1944). Frantziako, Errumaniako eta Italiako fronteetan borrokatu zen Lehen Mundu Gerran. Karrera militarra utzi eta Tübingengo unibertsitatean ikasi zuen. Nazien aldeko agertu zen hasieratik eta erasorako taldeetako edo SAko kide izan zen. Hitler aginpidera iritsi zen arte ez zen alemaniarren gudarostean sartu (1933). Gudarostearen eta gazte mugimendu nazien arteko loturaz arduratu zen, eta azken hauen artean arrakasta handia izan zuen Infanterie Greift (1937, Infanteria erasoan), taktika militarrari buruzko eskuizkribua, idatzi zuen. Führer-aren kuartel nagusiko buruzagietako bat izan zen eta 1940. urteko Frantziako kanpainan izan zituen garaipenen ondorioz izendatu zuten Afrika Korps gorputzeko komandante. Afrikako iparraldean, El-Alameineraino baztertu zituen britainiarrak eta mariskal egin zuten (1942). Hurrengo neguan, ordea, Tunisiaraino atzeratu behar izan zituen bere mendeko osteak. Europara hots egin zioten baina ezin izan zuen Normandiako lehorreratzea saihestu eta Bavariara erretiratu behar izan zuen zaurituta. Mendebaleko gerra bertan behera uztearen aldeko agertu zen eta horrek Hitlerren susmo txarrak piztu zituen. Hitlerrek bere buruaz beste egiteko agindua eman zion Rommeli 1944 urriaren 14an. 1953. urtean argitaratu zen mariskalaren egunkaria: The Rommel Papers (Rommelen eskuizkribuak).