Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodríguez Pedotti, Andrés

Paraguaiar militar eta politikaria (Borja, 1923 - Manhattan, 1998). Ikasketa militarrak egin zituen eta tenienteorde izendatu zuten 1946an, koronel 1964an, eta, azkenik, jeneral izatera iritsi zen 1970ean. Partido Colorado alderdiko joera tradizionalistaren jarraitzaile izan zen eta 1947an alderdi haren legezko gobernuaren alde agertu zen matxinatuen kontra. Alfredo Stroessner lehendakariaren (1954-1989) laguntzaile taldeko kidea izan zen eta gudarosteko gudatalde aurreratuenaren buruzagia; 1989an Stroessner lehendakari eta aitaginarreba bere kargutik eraitsi zuen estatu kolpea zuzendu zuen. Urte hartan bertan Errepublikako lehendakari izendatu zuten, Partido Colorado alderdiaren oniritziarekin. Behin-behineko lehendakari zela, giza eskubideak errespetatuko zituela eta demokraziarako prozesua bideratuko zuela agindu zuen, besteak beste; gobernu taldea osatu eta diktadurak legez kanpo utzitako alderdiak legeztatu zituen, eta ordu arte debekatuta egondako zenbait komunikabide berriro zabaltzea onartu zuen. Rodríguez izan zen, bestalde, Iberoamerikako Merkatu Bateratua (MERCOSUR) bultzatu zuen politikarietako bat. Bere agintaldian konstituzio berria idatzi zen, 1992an indarrean jarri zena. Hurrengo urtean, 1993an, Rodríguezek bere alderdikide Juan Carlos Wasmosyren esku utzi zuen bere kargua, eta gudarostean erretiroa hartu ondoren hil arteko senatari izendatu zuten.