Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodríguez Castelao, Alfonso

Galiziar politikaria, idazlea eta marrazkigilea (Rianxo, 1886 - Buenos Aires, Argentina, 1950). Medikuntzako ikasketak egin zituen Santiagoko unibertsitatean, eta lur jabe handiak salatzen zituen El barbero municipal astekaria sortu zuen 1909an. Galiziako nekazarien klase kontzientzia piztu nahi zuen Acción gallega mugimenduari atxiki zitzaion 1912an. 1926an Galiziako akademiakide izendatu zuten, eta 1931n diputatu hautatu Organización republicana gallega autónoma-ren eskutik. Lerroux-en gobernuak Badajozera erbesteratu zuen (1934), baina diputatu hautatu zuten berriro ere Fronte Popularraren eskutik (1936). Gerra zibila amaitu zenean atzerrira jo behar izan zuen eta erbesteko gobernu errepublikarreko kide izan zen. Literaturari dagokionez, galegoz idatzi zuen batez ere. Kontakizun liburuak, saiakerak, politikari buruzko obrak eta antzerki lanak idatzi zituen: Cousas (1926, Gauzak, Ramon Etxezarretak euskarara itzulia), Os dous de sempre (1934, Betiko biak, Ramon Etxezarretak euskarara itzulia), Retrincos (1934, Zirtzilak, Koldo Izagirrek euskarara itzulia, Kristalezko begia idazki bildumarekin batera), Os vellos no deben de namorarse (1941, Zaharrek ez dute maitemindu behar, Antonio M. Labaienek euskarara itzulia), Siempre en Galicia (1944, Beti Galizian, Bego Montoriok euskarara itzulia) eta Las cruces de piedra en Galicia (hil ondoren argitaratua; Harrizko gurutzeak Galizian). Marrazkien bidez, halaber, Galiziako gizarte injustiziak salatu nahi izan zituen. Egilearen marrazki gehienak garai hartako aldizkarietan daude argitaratuak; horietako gutxi batzuk baizik ez dira museoetan gorde. Marrazki horietatik euskaraz Cousas da vida argitaratu da, G. Arestik euskarara itzulita.