Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodríguez Echeverría, Miguel Ángel

Costarricar politikaria (San Jose, 1940). Costa ricako unibertsitatean egin zituen ikasketak eta bertan eskuratu zituen ekonomia eta gizarte zientzietako lizentzia (1962) eta zuzenbidekoa (1963); unibertsitate hartako irakasle ere izan da. Costa Ricako ikasketak amaitu ondoren, 1966an Berkeleyko Unibertsitatera aldatu zen ikasketak sakontzera. Harrezkero bere herriaren ordekari izan zen zenbait erakunderen bilkuretan, harik eta urte hartan bertan José Joaquín Trejos Fernández Costa Ricako lehendakariaren aholkulari ekonomiko izendatu zuten arte. Ondoren ministro kargua eta Costa Ricako Banku Zentraleko zuzendariarena izan zituen bere esku, baina 1970. urtean kargu politikoak bertan behera utzi eta irakaskuntzara itzuli zen. 1984. urtean Partido Unidad Social Cristiana alderdiaren zuzendaritzan sartu zen, eta handik lau urtera lehendakaritzarako hauteskundeetara aurkeztu zen, baina ez zuen garaipena lortu. 1990. urtean, ordea, diputatu hautatu zuten eta 1991-1992 urteetan Biltzar Legegileko lehendakari izan zen. 1997. urtean berriro aurkeztu zen lehendakaritzarako hauteskundeetara bere alderdiaren hautagai gisa, eta garaipena lortu zuen; Partido de Liberación Nacional alderdiko José María Figueresen ondorengoa izan zen, hortaz, lehendakaritzan.