Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodríguez, Ventura

Espainiar arkitektoa (Ciempozuelos, Madril, 1717 - Madril, 1785). Espainiako arkitektorik garrantzitsuenetakoa izan zen XVIII. mendean. Inork baino hobeto islatu zuen bere eraikuntzetan barrokotik neoklasizismorako aldakuntza. Madrilgo San Markos, garai hartako molde italiarreko eliza, izan zen bere lehen obra garrantzitsua (1753). Hiri bereko Sorkunde eliza (1755) eta Cuencako katedraleko Gardena (1755) egin zituen ondoren. Zaragozako Pilarreko basilikaren eraikuntzan (1750) eta Madrilgo Errege jauregiarenean (1738-1764) jardun zuen. Gorteko arkitekto izateari utzi zion 1758. urtean, eta arkitektura irakasten hasi zen. 1760. urtean egin zuen Valladolideko agustindarren eliza klasikoa eta 1778an berritu zuen Kordobako Santa Victoria eliza. Ventura Rodríguez-ek berak eginak dira, halaber, Bartzelonako kirurgiako Errege-Eskola (1761), Madrilgo Liria jauregia (1773), Haroko udaletxea (1769), Torokoa (1776) eta Burgoskoa (1783). Madrilgo Prado ibilbidea ere Venturak proiektatua da. Euskal Herrian ere izan zen Ventura Rodríguez; harenak dira Iruñeko katedraleko aurrealdea (1783) eta Noaingo akueduktuaren proiektua (1780).