Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

rock-and-roll

iz. Ororen gainetik erritmoa azpimarratzen duten musika moten multzoa. 1950. ondorengo urteetan agertu zen Estatu Batuetan, beste estilo batzuk bereganatuz, eta musika molde berezia bihurtu zen; Europara eta munduko beste alderdi askotara zabaldu zen. Rockak musika tresna mota asko erabili bazituen ere, kantari batek edo gehiagok, gitarra elektriko anplifikatuek, eta bateriak osatzen zuten. Piano eta organo elektrikoak, sintetizadoreak, haizezko tresnak, eta perkusiozko beste tresnak ere tartekatzen ziren. Estatu Batuetan rhythm and blues izenaz ezagututako herri musika moldean, eta country eta western musika joeretan oinarritu zen rocka. 1955-56. urteetan famatu bihurtu ziren Chuck Berry, Bill Halley, The Comets eta, batez ere, Elvis Presley, jatorrizko rhythm and blues, western eta country musika erritmo biziz eta indarrez jotzen zituztenak. Ingalaterran, rockaren aurrerabidea motelagoa izan zen Beatles taldea agertu zen arte. Aldi berean Bob Dylanek eta Estatu Batuetako beste kantari batzuek folk-rock egin sortu zuten, jatorrizko baladak rockaren erritmoz eta musika tresnez joaz. 1960. ondorengo urteetan rockak berebiziko indarra hartu zuen, musikari gazteek gizarte eta politika gaiak landu zituztenean. Bestalde, musika tresnek garrantzi handia izan zuten. Talde ospetsuenak izan ziren, besteak beste: Rolling Stones, The Byrds, The Grateful Dead, Jefferson Airplane, The Doors, Allman Brothers Band. Bestalde, Janis Joplin kantariak eta Jimi Hendrix gitarristak jarraitzaile ugari izan zituzten, eta Crosby, Stills and Nash eta beste talde batzuek musika akustiko lasaiagoa eta ahots aldetik argiagoa egitera jo zuten. 1970. ondorengo urteetan, musika tresna banda handiek gainbehera egin zutenean, rock kantagile-kantariak nagusitu ziren: Elton John, David Bowie, Bruce Springsteen, Bob Seeger, besteak beste. Bestalde, soul rock-a sortu zen jamaikar reggae musika sartuz, eta rockak beste musika forma batzuk beretu zituen pop-rock-a, jazz-rock-a, eta punk rock-a sortzeko. 1980. urtetik aurrera, rock musikariak eta taldeak bideo saio laburrak egiten hasi ziren, beren kantuak ezagutzera emateko.