Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roblès, Emmanuel

Frantses idazlea (Oran, Aljeria, 1914). Ipar Afrikako munduari guztiz lotua dago, errespetu handia erakutsi du musulmanen erlijio eta ohituren aurrean eta idazle musulmanek frantsesez eginiko eleberriak aurkezten dituen “Méditerranée” argitaletxearen zuzendaria izan da. Espainiar jatorriko familia batean sortu zen eta irakasle ikasketak egin zituen. Bigarren Mundu Gerran Albert Camus-ekin batean lan egin zuen Alger-Républicain egunkarian. 1958an Parisa jo behar izan zuen, Aljeriako gerratik ihesi. Les Hauteurs de la ville (1948, Hiriko gainaldeak), laugarren eleberriak ekarri zion ospea; gazte aljeriar batek Bigarren Mundu Gerran aljeriar hirritarrak kontzentrazio esparruetara eta heriotzara eraman zituzten faxisten aurka eginiko mendekua du kontagai nobela horrek. Cela s’appelle l’aurore (1952, Egunsentia du horrek izena) eleberriak arrakasta handia ekarri zion; handik aurrera Italian gerra garaian giroturiko amodiozko eleberriak idatzi zituen. Antzerki lan aipagarriak ere idatzi zituen: Montserrat (1948), Venezuelako independentzia gerran girotua, La Vérité est morte (1952, Egia hila da), Espainiako Gerra Zibilean, eta Plaidoyer pour un rebelle (1965, Errebelde baten alde), terrorismoan. Federico García Lorca-ri buruzko saiakera bat idatzi du, eta frantsesera bihurtu ditu gaztelaniazko eleberriak.