Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roa Bastos, Augusto

Paraguaiko idazlea (Iturbe, 1917). Nekazari herri batean sortu zen; eskola militarrean ikasi zuen 1925etik aurrera eta Chaco-ko gerran parte hartu zuen (1932-1935). Espainiako literatura klasikoa irakurri zuen urte haietan. 1942an El ruiseñor de la aurora (Egunsentiko urretxindorra) poesia liburua idatzi zuen, espainiar idazleen eraginpean; hurrengo urteetan uko egin zion obra hari. 1947an Buenos Aires-a joan zen, Paraguaiko gerra zibiletik ihesi, eta han bizi izan zen Paraguaiko enbaxadako kultura aholkulari eta kazetari gisa. 1953an El trueno entre las hojas ipuin bilduma (Trumoia hostoen artean) idatzi zuen, Paraguaiko herri xeheak pairatzen duen injustiziari buruzkoa, gerora Hego Amerikan barrena zabalduko zen errealismo magikoaren ildotik idatzia. Paraguaiko XIX. historia kontagai duen Hijo de hombre eleberriak arrakasta handia ekarri zion (1960, Gizonaren semea). Prosazko bi obra horiek film liburu bihurtu zituen, eta zinemarako beste liburu batzuk idatzi zituen 1960 ondoren. Paraguaiko gerra zibileko gehiegikeriez istorio laburrak bildu zituen El baldío obran (1966, Larrea) eta giza existentziaz eta psikologiaz idatzi zuen Los pies sobre el agua (1967, Oinak ur gainean) eta Madera quemada (1967, Zur kiskalia) ipuin bildumetan. 1970. urtean Paraguaira itzuli zen literatura irakasle gisa eta 1974an Yo el supremo (Ni, buruzagi gorena) eleberria argitaratu zuen, José Gaspar Rodríguez de Francia Paraguaiko diktadorearen bizitza oinarritzat hartuta. 1976an Okzitaniako Tolosara joan zen, hango unibertsitateko literatura irakasle.