Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rivelinho, Roberto

Brasildar futbol jokalaria (Sao Paulo, 1946). Palmeiras taldean hasi zen jokatzen, eta gaztetan, Corinthians taldeak fitxatu zuen. Talde horretan hamar urtez jokatu zuen. 1975-1978 bitartean Fluminense taldean jokatu zuen, eta talde horrekin liga txapelketa irabazi zuen, bi aldiz, 1975 eta 1976. urteetan. 1978an Saudi Arabiako El Helal taldeak fitxatu zuen, arabiar futboleko liga profesionalak sortzen ahalegindu zen garai batean. Jokalari azkarra zen, eta oso gogor jotzen zion baloiari. Falta jaurtitzaile gisa nabarmendu zen batez ere. Kirolari gisa, Brasileko selekzioarekin egin zituen lorpen aipagarrienak: 122 partida jokatu zituen, 1970ean munduko txapelketa irabazi zuen eta 1974 eta 1978ko txapelketetan parte hartu zuen.