Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rivasko dukea

(Jaiotza izenaz Angel de Saavedra). Espainiar idazle eta politikaria (Kordoba, 1791 - Madril, 1865). Espainiar drama idazle garrantzitsuena izan zen bere Don Alvaro o la fuerza del sino (Don Alvaro edo halabeharraren indarra) dramari esker. Napoleonen aurkako gerran borrokatu zen eta hiltzera kondenatu zuten 1823an, ideia liberalengatik. Londres aldera jo zuen ihesi eta handik abiatuta Italia, Malta eta Frantzian barrena ibili zen, bizimodua pintore gisa ateratzen zuela. Literatura erromantikoa ezagutu zuen erbestean eta joera horretako lanak eskaini zituen Espainiara itzuli ondoren (1833ko amnistia): El moro expósito (1834, Mairu sasikoa), Romances históricos (1841, Historia erromantzeak). 1835ean aurkeztu zuen Don Alvaro, izugarrizko arrakasta izan zuen obra; obra horretan oinarritu zen Giusseppe Verdi musikagilea La forza del destino opera ontzeko. Ideia kontserbadoreetara aldatu zen hurrengo urteetan eta politikan sartu zen; barne ministroa izan zen 1836an, senataria eta enbaxadorea (Napoli, 1846; Paris, 1859) ondoren. Espainiako Hizkuntzaren Akademiako lehendakaria zen hil zenean.