Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reines, Frederick

Estatubatuar fisikaria (New Jersey, 1918 - Los Angeles, 1998). Fisikako Nobel saria, neutrino partikula azpiatomikoaren existentzia berresteagatik. New Yorkeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1944). Gero Manhattan proiektuan lan egin zuen, Los Alamosen, Mexiko Berrian, bonba atomikoa prestatzen. 1959an Ohiora joan zen, eta 1966an Kaliforniako Unibertsitatera, Irvinera. Neutrinoen lehenengo deskribapena Wolfgang Paulik egin zuen 1930ean. Erradioaktibitateari buruzko bere lanetan, Paulik garrantzi handiko aurkikuntza egin zuen: nukleo atomiko erradioaktiboen desintegrazioan igortzen diren elektroien energia eta prozesuan neurtutako energia galera osoa ez zetozela bat. Beraz, partikula azpiatomiko bat "asmatu" zuen, kargarik gabea, eta nukleoaren desintegrazio prozesuan igorriko zena. Arrazoibide hori fisikaren funtsezko legeetako batean oinarritzen zen: energiaren kontserbazioaren legean, alegia. Lege horren arabera Unibertsoko energia kopurua berdina da beti, ezin da sortu eta ezin da suntsitu. Reines lege hori atomo mailan eta maila azpiatomikoan ere berdin beteko zelakoan zegoen. 1950eko hamarraldian, Clyde L. Cowan fisikariarekin batera, esperimentu bat prestatu zuen partikula azpiatomikoen talkak uretan aztertzeko. Urtebete geroago, nahiko froga bildu zuen neutrinoak partikula libre gisa existitzen zirela iragartzeko. Paulik sumatzen zuen bezala, neutrinoak elektroiekin batera igortzen ziren desintegrazio erradioaktiboetan. 1995ean Fisikako Nobel saria jaso zuen, Martin L. Perlekin batera.