Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reina, Carlos Roberto

Hondurastar politikaria (Comayagüela, Tegucigalpa, 1926). Hondurasko Errepublikaren lehendakaria (1994-1998). Politiko liberalen familia batean hazi eta hezia. Lege eta nazioarteko zuzenbide ikasketak egin zituen, Hondurasen, Parisen, eta Cambridge eta Londresen. 1944an, Tiburcio Carías diktadorearen aurkako manifestazio batean parte hartzeagatik, kartzelan sartu zuten bost hilabetez. 1945ean El Salvador-era erbesteratu zen, 1947 arte. Diplomatiko gisa, Hondurasko delegazioko negozio idazkari izan zen, Londresen (1956-1957), eta enbaxadore, Frantzian (1960-1963). Hondurasera itzuli zenean, kartzelan sartu zuten berriro (1963-1968), Oswaldo López Arellano koronelaren gobernu militarraren garaian. Alderdi Liberalaren barruan, barne kontrolaren ardura izan zuen 1970eko hamarraldiaren hasiera arte; orduan alderdiko sektore kontserbadoreenak, Modesto Rodasen gidaritzapean, ezkertiartzat baztertu zuen. 1970etik aurrera, Hondurasko lehendakari hautatu zuten arte, eskolak eman zituen unibertsitatean. 1979-1985 bitartean Amerika Arteko Giza Eskubideen Auzitegiko lehendakari izan zen. Hurrengo urteetan, bere herrialdea ordezkatu zuen Hagan, Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Auzitegian, Hondurasen eta El Salvador-en arteko muga auzi bat konpontzeko. 1993an hauteskundeetan lehendakari hautatu zuten (botoen % 54), Hondurasko Alderdi Liberalaren aldetik. Bere politikaren bi zutabe nagusiak giza eskubideen defentsa eta arazo sozialen konponbidea izan ziren. 1998an Carlos Roberto Flores alderdikideak hartu zuen kargua.