Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reich, Steve

Estatubatuar musikagile eta interpretea (1936, New York). Minimalismoaren ordezkari nagusietako bat. Cornell, Julliard eta Miss College eskoletan egin zituen ikasketak. Bere lehenengo obrak –It's gonna rain (1965); Come out (1966)– behin eta berriz errepikatzen eta bilbatzen diren berbaldi zatiak dira, eta erritmoa eta erritmo balioetan oinarritutako kontrapuntua dute ezaugarri nagusia. Musika mota hori, minimalista deitua, New Yorken sortu zen, 1960ko hamarraldian, Terry Rileyren eskutik bereziki. Hamarraldiaren bukaeran Reichek teknika berezi bat asmatu zuen, "aldikako teknika": musika tresnek esaldi bera jotzen dute, baina lastertasun desberdinean. Reichek prozedura hori erabili zuen Piano phase (1967) obran, eta garai hartako bere obrarik aipagarrienean: Drumming (1971), bongo, marinba eta celesta-rako. 1970eko hamarraldian lastertasun berean interpretatutako erritmo esaldiak erabiltzen hasi zen, baina kanonen modura, material soiletan oinarrituta egitura konplexuak lortzeko: Music for 18 Musicians (1976); Vermont Counterpoint (1982, 11 flautarako; horietatik 10 aldez aurretik grabatuak); The Desert Music (1984, orkestra eta abesbatzarako). Beste lan aipagarri batzuk: Tehillim (1981) –hebreerazko lau salmo, erritmo bizikoak, akorde luzeekin, eta juduen folk musikan inspiratutako melodiekin–; Different trains (1988, zinta eta hari kuartetorako); The Cave (1993).