Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reeve, Christopher

Estatubatuar antzezlea (Princeton, New Jersey, 1952-2004). Antzerki ikasketak egin zituen, Williamstown Antzokian, eta hamazazpi urterekin denboraldi oso bat eman zuen Maineko Boothbay Playhousen. Gero telebistan hasi zen lanean, Love of life sailean. Sail hark arrakasta handia izan zuen eta Reeve oso ezaguna egin zen. Horri esker lan eskaintza asko izan zituen. Antzerkian A Matter of Gravity (1976) obran parte hartu zuen, Katherine Hepburnekin, eta Jack Lemmon eta Walter Matthaurekin batera ere lan egin zuen geroago. Zineman 1977an egin zuen debuta, Alerta gorria: Neptuno hondoratua filmean, David Greeneren zuzendaritzapean. Garai hartan, Salkind anaiek Superman papera jokatzeko hautatu zuten. 1978an estreinatu zen filma, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Handik bi urtera filmaren bigarren zatia estreinatu zen, arrakasta handiz hura ere, eta 1983an hirugarrena. Bien bitartean beste film batzuetan parte hartu zuen. 1984an oso harrera ona izan zuen film batean esku hartu zuen, Bostondarrak, Vanessa Redgraverekin. 1987an laugarren eta azken aldiz egin zuen Superman papera, baina haurrekoetan ez bezala porrot egin zuen. 1988an antzerkira itzuli zen berriro, eta Tenessee Williamsen Uda eta Kea obran parte hartu zuen. Beste film aipagarri batzuk ditu Herioren segada (1982, Sidney Lumet); Monsignore (1982, Frank Perry); Interferentziak (1988); Egunaren hondarrean (1993) eta Madarikatuen herria (1995). 1995ean, zaldi lehiaketa batean parte hartzen ari zela, zalditik erori eta elbarri geratu zen.