Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reed, Carol

Ingeles zinemagilea (Londres, 1906 - Londres, 1976). Hasieran antzezle izan zen antzerkian. 1935ean egin zuen bere lehen filma, It Happened in Paris (Parisen gertatua). Teknikari bikaina zen, kontalari zehatza, antzezleak ongi gidatzen zekiena, baina biribiltasuna falta izan zitzaion askotan. Bigarren Mundu Gerra ondoren arrakasta handia izan zuen hiru film bikaini esker: Odd Man Out (1947), The Fallen Idol (1948, Idolo eroria) eta The Third Man (1949, Hirugarren gizona), azken biak Graham Greene-ren eleberrien egokitzapenak. Azken garaiko filmak eskasagoak dira. Beste film batzuk: Night Train to Munich (1940, Gaueko trena Municherantz), An Outcast of the Island (1951, Uhartetik erbesteratua), Our Man in Havana (1959, Gure gizona Habanan), Oliver (1968), Follow Me (1972, Jarrai nazazu).