Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Régamey, Raymond

Frantses teologoa eta historialaria (Alsazia, 1900 - 1996). Goi mailako ikasketak Parisen egin zituen, Sorbonan eta Louvreko Eskolan. 1926an agregatu postu bat lortu zuen Louvreko Museoko pinturen sailean. Garai horretan Géricault, Prud’hon eta Delacroixi buruzko liburuak idatzi zituen. 1926an bataio katolikoa hartu ondoren, 1928an domingotarren nobizio etxean sartu zen Amiensen. 1929an profesa egin zuen fraide arrantzaleen ordenan. Teologia ikasketak egin ondoren, Saulchoir-eko komentuan (Tournaitik hurbil) apaiz egin zen 1934an, eta 1936. urtetik aurrera Parisko hainbat komentutara jo zuen, arte modernoaren eta fede kristauaren arteko harremanak aztertzeko asmoz. 1937-1939 urteen bitartean L’Art sacré aldizkaria zuzendu zuen. Gerra garaian eten egin zen aldizkariaren argitalpena eta 1945-1949 urteen bitartean Régamey izan zen zuzendari berriz ere. Bestalde, arte kristauaren adierazpenak berritzen saiatu zen. Erlijio artearen eta arte modernoaren ezaugarriak testu didaktikoen bidez, irudi askorekin, adierazten zizkien irakurleei. Régameyn ustez, garai hartako artista handiei, sinestun izan ala ez, elizetarako lanak eskatu behar zitzaizkien, eta beren sormenerako ahalmenak Elizaren esku jarri behar ziren. Germaine Richierrek Assyko elizarako egin zuen Kristo gurutzean lanak eskandalua sortu zuen 1951. urtean, eta bi talde sortu ziren, batetik Elizaren barruan arte bizia sortzekoaren aldekoak eta bestetik Régamey aitaren berrikuntzaren kontrakoak. Régameyren merituetako bat izan zen arazoa alderdi estetikotik eta teologikotik aztertzea; berak lortu zuen garai hartako artista nagusiak Elizaren barruan sartzea.