Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Reed, John

Estatu Batuetako kazetari iraultzailea (Portland, Oregon, 1887 - Mosku, 1920). Gerra gaiak landu zituen batez ere. Lehen arrakasta sonatua Mexikoko iraultzari buruz egin zuen kronika bilduma izan zen, Pancho Villa buruzagiarena bereziki: Insurgent Mexico (1914, Mexiko Iraultzailea). Lanik aipagarriena ordea, Errusiako Sobiet Iraultzari buruzkoa da: Ten Days That Shook the World (1919, Mundua aztoratu zuten hamar egunak). Alderdi komunistako kide zen, eta boltxebikeen aldekoa. Estatu Batuetan sobietarren aldeko espioitza lanak egitea leporatu zioten eta Sobietar Batasunera ihes egin behar izan zuen 1918an. Tifusak jota hil zen eta Kremlin-en hilobiratu zuten beste boltxebike ospetsuekin batera.