Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Redondo Urbieta, Nicolás

Bizkaitar sindikalista eta politikaria (Barakaldo, 1927). Langile familia sozialista batean sortu zen eta Bordele aldera eraman zuten Espainiako Gerra Zibilean, Bilbo erortzean (1937). 1945ean Sestaoko ontzioletan hasi zen lanean eta Unión General de Trabajadores sindikatuaren isilpeko lanak egiten hasi zen urte horretan bertan. 1951n atxilotu zuten lehenengoz eta 1956an ezagutu zituen Euskadiko Alderdi Sozialistako buruzagi nagusiak. 1957an Frantzia aldera igaro zen politika prestakuntza sakontzeko, eta Espainiako PSOEko kide gazte nagusietako bat izan zen ordudanik. 1962 eta 1964ko grebetan parte hartu zuen. 1968an bere lantegiko lehen enpresa batzordea eratu zuen; 1970ean PSOE eta UGTko batzar nagusietako kide hautatu zuten. 1971n Madrilen atxilotu zuten, Felipe González eta Enrique Múgica Herzog-ekin batera. Kartzelatik baldintzapean irten ondoren, PSOEko politika idazkari hautatu zuten 1972an, eta UGTko arduradun nagusi 1973an. 1973. urtetik aurrera Espainiako PSOE alderdia berritu zuen batzordeko kide izan zen. 1976an UGT sindikatuko idazkari nagusi izendatu zuten, eta kargu garrantzitsuak bete zituen PSOE alderdian. Espainiako erreforma demokratikoa gauzatzen zuten Moncloako hitzarmenen bultzatzaile nagusietako bat izan zen 1977an, eta urte bereko eta hurrengo hauteskundeetan Kongresurako diputatu hautatu zuten Bizkaian. 1983an UGT sindikatuko idazkari nagusi egin zuten berriro ere; 1985ean Redondoren eta gobernuan zeuden PSOEko agintarien arteko tirabirak hasi ziren, ekonomia neurriak zirela eta. 1987an utzi zuen Bizkaiko diputatu kargua eta 1988ko abenduan Espainiako estatua geldiarazi zuen greba bultzatu zuen UGT-tik beste sindikatuekin batean. 1989ko hauteskundeetan, PSOE alderdiarentzako botorik ez eskatzea erabaki zuen UGTko zuzendaritzak. Ordutik aurrera UGT eta CCOO sindikatuen jokabide bateratua bultzatu eta gobernu sozialistaren ekonomia politikaren aurkako jarrera gero eta garbiagoa erakutsi du Nicolás Redondok. 1993. urtean, azkenik, bere karguak uzteko asmoa adierazi zuen Nicolás Redondok, eta UGTk 1994an egin zuen Kongresuan utziko zion azkenik sindikatuaren idazkari nagusi izateari, eta beraren ordez Cándido Méndez –Espainian– eta Josu Frade –EAEn– hautatu zituzten. Orduz geroztik ez du kargurik izan, nahiz eta ez den erabat aldendu militantziatik eta agerpen publikoetatik.