Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Récamier, Jeanne Françoise Julie Adélaïde Bernard

Frantses dama, Madame de Recamier izenaz ezaguna (Lyon, 1777 - Paris, 1849). Bera baino askoz ere zaharragoa zen Récamier bankariarekin ezkondu zen 1793an. Jende ospetsua bildu zen damaren ingurura kontsulaldian: Adrien eta Mathieu Montmorency, Lucien Bonaparte, Moreau, Bernadotte, etabar. Senarrak diru arazoak izan zituen, eta Récamier dama lagun zuen Staël anderearen etxera erretiratu zen. Han, Prusiako Augusto printzea maitemindu zitzaion. Parisa erbesteratu behar izan zuen enperadoreak aginduta, haren politikaren aurkakoak biltzen baitziren damaren ingurura, eta senarraren familiarekin bizi izan zen. Harreman estuak izan zituen 1814-1815 urteetan Benjamin Constant politikari eta idazlearekin, baina Errestaurazio garaian senarrak berriro porrot egin zuen eta Abbaye-aux-Bois komentura erretiratu zen Madame de Récamier. Han Chateaubriand idazlearekin harremanetan hasi zen.