Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ramiro

Asturias eta Leongo hiru erregeren izena. v Ramiro I.a. Asturiasko erregea 842-850 urteetan, Alfontso II.aren lehengusua eta ondorengoa (791 - 850). Gaztelara bigarren aldiz ezkontzera joan zenean Nepocianok hartu zen erregetza. Ramiro I.ak horren berri izan zuenean Lugora jo zuen; armada bateko buru zela Asturiasen sartu zen eta Nepociano garaitu ondoren itsutu eta monasterio batean atxilotu zuen. 844an normandiarrak Galizian lehorreratu zirenean Coruñan garaitu zituen Asturiasko erregeak eta Leon ere hartu zuen. Agian ekialdetik hurbildu zen erromes eta arkitekto baten zuzendaritzapean egin zituen Naranco mendiko obra handiak: jauregia (Santa Maria eliza bihurtuko zena) eta San Migel Lillokoaren eliza. Ordoño I.a semea izan zen haren ondorengoa. v Ramiro II.a. Leongo erregea 931-951 urteetan, Ordoño II.aren seme gazteena (? - 951). Bere anaia Alfontso IV.ak abdikatu zuenean egin zuten errege, baina Toledora joan zenean musulmanen aurka borrokatzera, Alfontsok Simancas-eko errege izendatu zuen bere burua eta atzera egin behar izan zuen Ramiro II.ak. Anaia eta lehengusuak itsuarazi zituen eta kristau erresumetako buruzagi gisa aritu zen islamaren aurka. Garaipen garrantzitsuak lortu zituen eta Duero ibaitik hegoalderantz mugatu zituen musulmanak. 950. urtean mairuen aurkako azken espedizioa antolatu zuen eta Talaveratik hurbil garaitu zituen. Imperator deitu zioten Leongo notario zenbaitek. v Ramiro III.a. Leongo erregea 966-984 urteetan, Antso I.aren semea eta ondorengoa (961 - Astorga, 985). Gaztelarrek, leondarrek eta nafarrek osatutako armada baten buru zela musulmanen aurkako guduetan borrokatu zen. Almanzor-i eta beste jeneral musulmanei aurre egin behar izan zien, baina haren aurkako gudua galdu ondoren (Rueda, Simancas), Galiziako kondeek Vermudo izendatu zuten errege, Ordoño III.aren sasiko semea, alegia. Vermudo II.a izango zenak, musulmanen laguntzaz, Portilla de Arenasko guduan garaitu zuen Ramiro III.a, eta hura Astorgara erretiratu zen.