Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Quintiliano, Marco Fabio

Erromatar idazlea (Kalagorria, K.o. 35 - K.o. 96). Ikasketak Erroman egin zituen. Hispaniara joan eta han bizi izan zen Galba enperadoreak Erromara deitu zuen arte. Erretorika irakaslea izan zen Erroman. Diru publikotik soldata jaso zuen lehenengo erretorikoa izan zen, Vespasiano enperadorea aginpidean zela. Ikasle asko izan zituen, Plinio Gaztea eta Tacito, besteak beste. Legegizona ere izan zen. Irakaskuntza utzi zuenean Domiziano enperadoreak kontsul izendatu zuen eta bere iloben irakasle izan zedila agindu zion.  v  Idazlanak. De causis corruptæ eloquentiæ, gaur egun galdua; Declamationes minores, jokabideak sortutako arazoak eta legeek sortutako gatazkak aipatzen zituena, baina ezin daiteke segur esan liburu horiQuintilianok berak idatzi zuenik; Institutio oratoria (Hizlariaren prestakuntzari buruz), Quintilianoren lan nagusia, hamabi liburukitan argitaratua, hizlaria umetatik heldu arte nola hezi azaltzen duena. Liburu horren eskuizkribu osoa 1416an aurkitu zen, 1470ean argitaratu zen eta ospe handia izan zuen Berpizkundean.