Quevedo y Villegas, Francisco de
Idazle, diplomatiko eta politikari espainiarra (Madril, 1580 - Villanueva de los Infantes, Ciudad Real, 1645). Umetako eta gaztetako urteak politika eta erlijio giroan igaro zituen. Jesuitekin egin zituen letrak ikasketak, Madrilen; 1596-1600. urteetan hizkuntza klasikoak, frantsesa, italiera, eta filosofia ikasi zituen Alcalan, eta horietan lizentziatura lortu zuenean Valladolid-a joan, ezin jakin ahal izan den arrazoiren bategatik, eta han teologia eta patrologia ikasten aritu zen. Apaiztu edo ez, zalantzan egon zen, nonbait. 1606an bide horri utzi eta Madrilgo gortera itzuli zen. Bi giro horien eragina nabaria da Quevedoren lanetan: idatzietan erabili zituen gai nagusiak morala, politika, satira eta umorea dira hain zuzen. Oso gazterik, 25 urte zituela, argitaratu zituen lehenengo idazlanak, eta bere garaiko idazlerik ezagunenekin harremanetan ere garaitsu horretan jarri zen: Góngora, Cervantes… 1613an Siziliara joan zen, Diego Téllez Girón, Osunako dukeak gonbidaturik. Han agertu zituen politikarako dohainak. Bere eraginez Osunako dukea Napoliko erregeorde izendatu zuten. Bestalde, Veneziako hiriaren aurkako politika pizten saiatu zen, baina ahalegin horretik ez zuen alde onik atera, batetik Osunako kondearekin haserretzera eta bestetik Venezia utzi behar izatera eraman baitzuen horrek. Handik Madrilgo gortera itzuli zen berriro. Garai horretan Osunako kondearen eta Olivaresen artean sortu zen auzian kondearen alde egin zuen Quevedok, eta soneto aipatu bat idatzi zuen haren ohoretan. Baina 1621. urtetik aurrera Olivaresi hurbiltzen saiatu zen eta zenbait gutun eta beste hainbat lan idatzi zituen, hori goratzen zutenak. Horietan ezagunena Cómo ha de ser el privado komedia da, ezagutzen den bere antzerki lan oso bakarra. 1623-1626. urteetan Filipe IV.aren idazkari eta haren zenbait bidaiatako (Andaluziara, Aragoira) laguntzaile gisa ibili zen. Urte horietakoren batean Esperanza de Aragónekin ezkondu zen, bera baino zaharragoa eta hiru haurren ama zena, eta hilabete batzuetara banandu ziren. 1635-1639 bitarteko urteak Torre de Juan Abaden (Ciudad Real) bizi izan zen bere idazlanei emana. Han bizi zela atxilotu zuten berak idatzia uste izan den Católica, sacra, real Majestad obrak erregerengan eragindako haserrearen ondorioz. Literatura genero askotako obrak idatzi zituen, bai prosan eta bai olerkigintzan. Prosan, ezagunenak dira: La culta latiniparla, Aguja de navegar cultos, Política de Dios, gobierno de Cristo (1617an idatzia eta 1635an argitaratua), La cuna y la sepultura (1635), Tratado de la Providencia de Dios (1841), La vida de Marco Bruto, El Buscón (Historia de la vida del Buscón llamado don Pablos, ejemplo de vagabundos y espejo de tacaños); mende horren lehen hamar urteetan idatzia eta 1626an argitaratua, Los sueños (1627), El sueño del juicio final, El alguacil alguacilado, Las zahúrdas de Plutón, El mundo por dentro (denak 1607 eta 1612 bitartean idatziak). Gaztelerazko literaturan izan diren idazleetan zorrotzenetakoa da Quevedo, bai erabili zituen gaien aldetik eta bai hizkera erabiltzeko moduaren aldetik ere. Adierazteko zeukana zehatz eta labur idazten zuen; hitzak elkarrekin lotzeko, horien artean lotura bereziak sortzeko eta adierazpen berriak emanarazteko dohain berezia zuen. Horregatik, joera kontzeptistako idazleen artean sartu izan da.
- Quesnel, Pasquier
- Quetelet, Adolphe
- Quetzalcoatl
- Quetzaltenango
- Quetzaltenango
- Quevedo y Villegas, Francisco de
- Quezón, Manuel
- Quiche, El
- Quignard, Pascal
- Quiles Sánchez, Ismael
- Quillen, Daniel Grey