Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Polo, Marco

Italiar bidaiaria (Venezia, 1254 - Venezia, 1324). Ekialde Hurbilarekin merkataritza harremanak zituen familia bateko semea zen, eta 15 edo 16 urte zituenean ezagutu zituen aita eta osaba, Txinatik etorri zirenean, hain zuzen. Aitarekin eta osabarekin batera ekialderantz abiatu zen beste bidaia batean (1271). Mongolia alderik alde igaro ondoren Kanbaluk-era (egungo Pekin-a) iritsi ziren (1275). 15 edo 16 urte eman zuten Kublai Khan-en gortean eta zenbait kargu izan zituen han. Annamera, Tokinera, Indiara eta Persiara joan zen Kublai-Khan-en enbaxadore gisa. Malaysia, Sumatra, Sri Lanka, India eta Persian barrena egin zuen Veneziako itzulerako bidaia (1295). Italiara itzuli eta Mediterraneo itsasoko borroka batean preso hartu zuten genoarrek, eta handik Genoako espetxera eraman zuten. Rustichello izeneko Pisa-ko preso bati bere joan-etorrien gorabeherak kontatu zizkion, eta hark XIII-XIV. mendeko frantses-italieraz idatzi zituen Polotarren ibiliak. Libururari Divisament dou Monde (1298) izenburua eman zion, baina ondorengo argitalpenetan Il milione izena izan zuen. Espetxetik atera eta Veneziara itzuli zen; han hil zen 70 urte zituela. Ekialdeko herrietako ohiturak, geografia eta etnografiari buruzko lehen dokumentazio xehetzat hartua da Marco Poloren liburua. XVI. mendean Italian zehar zabalduak zeuden Il milione-ren eskuizkribuak, eta arrakasta handia izan zuten hango kontakizunek. Jatorrizko liburuaren kopiarik ez da. 140 bat aldaera bildu dira dozena bat hizkuntzatan, eta desberdintasun ugari da batetik bestera; batzuetan Marco Polok berak eginak dira eta besteetan kopiatzaileak. Marco Poloren berrien sinesgarritasuna zalantzan jarri da askotan, baina ikusi eta entzun zuena kontatu zuela uste da.