Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pinochet Ugarte, Augusto

Txileko militarra eta diktadorea (Valparaiso, 1915 - Santiago, 2006). Santiagoko Akademia militarrean graduatu ondoren, estatu nagusiko buruzagi eta armadako komandante izendatu zuten. Postu horretatik Salvador Allende eraitsi zuen estatu kolpea gidatu zuen, eta gobernu batzordeko buruzagi bihurtu zen. Aurreko gobernuaren jarraitzaleen aurkako zapalkuntza bortitza bideratu zuen, eta milaka hildako, desagertu eta torturatu izan ziren haren agintaldian. Estatu kolpea gauzatu eta urtebetera gerra egoera amaitzeko agindua eman zuen, baina hala ere egoera horretan jarraitu zuten txiletarrek urte luzeetan. Hainbat erreferendum antolatu zituen  baina 1988. urtekoa galdu zuen eta 1989. urtean, diktadura bukatuta, Patricio Alwin zibilak hartu zuen Txileko lehendakaritza, eta Pinochet indar armatuen buru izendatu zuten (1990-98). 1998an, espainiar justiziaren eskaeraz, atxilotu egin zuten Londresen, ospitalean zela, genozidio eta terrorismoaren salaketapean. 1999. urtean britainiar justiziak estradizioaren aldeko epaia eman zuen. Hurrengo urtean, Londresen oraindik, azterketa medikua egin zitzaion epaiketa batean parte hartzeko gauza ote zen erabakitzeko. Sendagileek, sei hilabeteren buruan, ezezko erantzuna eman zuten, eta Jack Straw ministroak ukatu egin zuen estradizio eskaera. Zenbait gorabeheraren ondoren, britainiar Barne Ministerioak, diktadore ohiaren osasun arazoak zirela-eta, libre utzi zuen, eta Pinochet Txilera itzuli zen. 2000ko abuztuan, Txileko Epaitegi Gorenak erretiratu egin zion biziarteko senatari gisa zuen immunitatea, eta beste epaiketa prozesu bat hasi zen Txilen, gorabehera askokoa hura ere. Azken epaiaren arabera, diktaduraren garaian Stark zutabe militarrak eragindako hilketa eta bahiketen erantzule zen Pinochet, babesle gisa ordea, ez egile-eragile gisa. Azkenean, fidantzapeko askatasun behin-behinekoa eman zioten.