Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pink Floyd

Britainiar rock taldea, 1960ko hamarraldiaren erdialdean Londresen sortua. Taldeko lehenengo kideak Syd Barrett, Rick Wright, Roger Waters eta Nick Mason izan ziren; 1968an David Gilmour abeslaria sartu zen Barreten ordez. Pink Floyd Britainia Handiko rock psikodelikoko lehenengo taldea izan zen, eta bere emanaldietan argi efektuak erabili zituen lehenengoetakoa; emanaldien ezaugarri nagusiak pieza luzeen interpretazioa eta efektu berezi ikusgarrien erabilera izan ziren. 1967an eman zuen argitara bere lehenengo disko arrakastatsua (ordurako zenbait abesti ezagun zituen arren): The Piper at the Gates of Dawn. Hurrengo urteetan dozena bat disko kaleratu zituzten, besteak beste A Saucerful of Secrets (1968) eta Ummagumma (1969). 1973an Dark Side of the Moon osatu zuten, alienazioa eta gizartearen presioak psikologian duen eragina gai harturik, eta haren ondoren etorri ziren Wish You Were Here (1975), Animals (1977), The Wall (1979). Azken lan hori zentsuratuta egon zen zenbait komunikabidetan. Gerora, zatiketak gertatu ziren taldean, eta izenaren jabetzaren inguruko hainbat istilu sortu ziren, baina azkenik A Momentary Lapse of Reason (1987) eta Delicate Sound of Thunder (1989) eman ziren argitara Pink Floyden izenean, eta 1990eko hamarraldian taldearen Shine On (1992), The Division Bell (1994), eta Pulse (1995) diskoak kaleratu ziren.