Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pérez Villalta, Guillermo

Espainiar margolaria (Tarifa, Cadiz, 1945). Arkitekturako ikasketak egiten hasi zen, eta gerora margolaritzan murgildu bazen ere, eragin handia izan du beti arkitekturak bere obran. 1968an Madrila aldatu zen, eta 1970eko hamarraldian hasi zen ospea irabazten. 1980ko hamarraldian movida madrileña higikundeko eta Madrilgo figurazio berriaren joerako kidetzat hartua izan zen; bera da Espainiako postmodernismoaren alorreko margolari nagusietako bat. XX. mendeko abangoardiaren konbentzioetatik at lan egin du, asperdurari, tentelkeriari eta hutsaltasunari ihes egiteko helburuarekin betiere. Kolore eta argi biziko koadroak egin ohi ditu, eta bertan agertzen diren pertsonaiak antzerkiko agertoki konplexuetan adierazten ditu, barnealdea kanpoaldearekin bateraturik. Zenbait obratan mitologiako gaiak erabili ditu, eta azkenaldian eduki sinboliko handia hartu du bere margolaritzak. Bere pinturarekin harmonia, bakea, oreka bilatzen du, izadiko osagaien, irudi geometrikoen eta irudi mitologikoen bidez. Era berean, ekialdeko eta mendebaldeko osagaiak bateratzen ahalegintzen da. Modernotasun abstrakzionistak aldarrikatu izan dituen balio tipikoez haraindi (materialen benazkotasuna eta forma garbitasuna), Villaltaren margolanak narratiboak dira erabat, Grupo de personas en un atrio (1976), La pintura como vellocino de oro (1981-1982), Historia Natural (1987) edo Santuario (1996) koadroetan ikus daitekeenez.