Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pérez Martínez, Gregorio Manuel

(“Cura Pérez” eta “Poliarco” deitua). Espainiar apaiz ohia, Kolonbiako ELN gerrillako buruzagia (Alfamen, Zaragoza, 1943 - Santander, Kolonbia, 1998). 1959an Zaragozako apaizgaitegian sartu zen, eta filosofiako ikasketak egin zituen. 1962an Obra de Cooperación Sacerdotal Hispano-Americana (OCSHA) elkartearekin bat egin zuen, eta teologia ikastera joan zen Madrila. 1966an ordenatu zuten apaiz, eta hiru urtez parrokia batean jardun ondoren Santo Domingora (Dominikar Errepublika) joan zen Laín eta Gracia apaizekin. Handik Kolonbiara jo zuen, 1968an, José Antonio Jiménez apaizarekin. Laínekin bat eginik, Cartagena de Indiasera joan ziren hirurak, eta 1968an gizarte eta politika zereginak betetzen zituzten apaizek osaturiko Galconda mugimenduko kide nagusietakoa izan zen Pérez. 1969an Espainaira egotzi zituzten, baina ezkutuan itzuli eta ELN gerrillan sartu zen, Laín eta Graciarekin batera. 1973an gudarosteak eraso gogorra egin zion gerrillari, eta Pérezek hartu zuen gerrillaren antolaketa eraberritzearen ardura; bera izan zen buruzagi eta arduradun politikoa aurrerantzean. 1989an eskumikatu egin zuten, Araucako gotzainaren hilketa zela-eta. 1991-1992 bitartean gobernuarekin elkarrizketak izan zituzten ELN eta FARC (Fuerzas Armadas Revolucionarias de Colombia) gerrillek, baina huts egin zuten. Ernesto Samperren gobernuarekin bake hitzarmena sinatu zuen 1994an, baina 1996an hauteskundeak bertan behera gera zitezela eskatu zuen eta sabotajea iragarri zuen. 1998an hil zen mendialdean.