Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pérez Ballestar, Jorge

Espainiar filosofoa (Bartzelona, 1926). Bartzelonako eta Madrilgo unibertsitateetan egin zituen filosofiako ikasketak. Espainierazko irakaslea izan zen Glasgowko Unibertsitatean, eta han sakondu zituen logika sinbolikoko ikasketak. Logikako irakasle izan da Bartzelonako Unibertsitatean eta Nafarroakoan. Logika sinbolikoari buruzko lan aipagarriez gainera, gizonean eta bere historizitatean oinarrituriko ikerketak egin ditu Pérez Ballestarrek. Bere iritzian zeregin filosofikoak planteamendu antropologikoa eskatzen du nahitaez, eta gizakiaren historizitatearen oinarria gizakiaren askatasuna eta eragiketen gainean duen burujabetasuna da. Pérez Ballestarrek arreta berezia eskaini dio jakituria operatiboa deritzonari, hori delakoan historiko dena ulertzeko baliabide nagusia. Bere obra nagusiak dira ¿Qué es el hombre? (1954, Zer da gizona?), Fenomenología de lo histórico (1955, Historiko denaren fenomenologia), El problema social (1958, Arazo soziala), La libertad (1960, Askatasuna).