Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peillen Karrikaburu, Txomin

Zuberotar idazlea, irakaslea eta euskaltzain osoa (Paris, 1932). Guraso zuberotarrak zituen, Parisa lan bila joanak. Biologia ikasketak egin zituen Parisko Sorbonne-n, eta hogeita bost urtez biologia irakaslea izan zen Parisen. 1982an Pauera etorri zen eta Pauen eta Baionan bizi izan da euskara eta euskal kultura irakasten. Euskal estudioetako doktoretza lortu zuen Bordeleko unibertsitatean. Jon Mirande ezagutu eta lagun egin zuen 1949an; biek batera atera zuten, 1962an, Igela izeneko aldizkari heterodoxo eta kritikoa, gainerako aldizkarietan ateak ixten hasi zitzaizkienean. Gernika, Egan, Euzko Gogoa, Anuario de Eusko Folklore eta Jakin agerkarietan eman ditu argitara lan aipagarrienak. 1962. urtean plazaratu zituen ordu arte argitara eman gabeko hiru ipuin: Azken inkesta, Tximinuen segretua eta Tristan ta Isolt. Handik bi urtera, Txomin Agirre saria eskuratu zuen Gauaz ibiltzen dana polizia eleberriarekin. 1966an sari bera lortu zuen berriz ere, Itzal gorria eleberriarekin; 1989an hirugarrenez irabazi zuen Kristina Bolsward-ekin. Peillenenak dira, halaber, Gatu beltza (1973) eta Xaguxarra (1980) obrak. 1993an Baionako unibertsitateko irakasle izendatu zuten. Hemezortzi liburu eman ditu argitara: bost eleberri, bost ipuin-bilduma eta zortzi liburu bestelako gaiez: etnologia, filologia, hizkuntzalaritzako ikerketak: Animismoa Zuberoan eta Allande Elixagari Ligiarraren historioak (1986) izeneko liburuak horren lekuko dira. 1987an, Paristar euskaldun bat (ni…neu), liburu autobiografikoa argitaratu zuen. 2001. urtean Ale gorriak eta Ale berdeak ipuin bildumak eta Alarguntza beltza eleberria argitaratu zituen. 2000. urtean, berriz, 1966ko Txomin Agirre saria irabazi zuen Itzal Gorria eleberria berrargitaratu zen.