Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peierls, Rudolf Ernest

Alemaniar-britainiar fisikaria (Berlin, 1907 - Oxford, 1995). Bere garaiko fisikari nagusiekin jardun zuen: Sommerfelden jarraitzaile izan zen Munichen eta Heisenbergena Leipzigen, eta Pauliren laguntzailea izan zen Zurichen. Birminghameko Unibertsitateko fisikako irakasle egin zuten 1937. urtean. Quantumen mekanikak jakintzaren beste alor batzuetan izan ditzakeen aplikazioei buruzko ikerketak egiten hasi zen. Bere ekarpen nagusiak egoera solidoaren fisikari, lehenik, eta fisika nuklearrari buruz, ondoren, egindako ikerketak dira. Solidoen teoria ikertu zuen eta eremu magnetikoak eroapen elektroietan duen eragina aztertu zuen bereziki (Hall efektua). 1929an gai ez metalikoetan bero eroapena nola gertatzen den azaldu zuen, eta tenperatura txikietako bero eroapenari buruzko lanak ere egin zituen. 1930eko hamarraldiaren inguruan fisika nuklearrean murgildu zelarik, 1938. urtean nukleoen talkei buruzko teoria bat osatu zuen, eta handik bi urtera, Frischekin batera, frogatu zuen posible zela uranio aberastuko kopuru txiki batean kate erreakzio bat sortzea elektroi igorpenen bidez.