Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Peel, Sir Robert

Ingeles politikaria (Chamber Hall, Lancashire, 1788 - Londres, 1850). Tory alderdiko diputatu izendatu zuten 1809an eta Estatuko idazkari izan zen Irlandarako (1812-1818). Barne ministro izan zen Liverpool (1821-1827 urteetan) eta Wellington (1828-1830) aginpidean egon ziren garaian. Polizia talde bat sortu zuen Londresen eta katolikoen askatasun legea onartarazi zuen (1829). Parlamentuko erreformaren ondoren (1832), Tory alderdia berriro antolatu eta Alderdi Kontserbadore izena eman zion. Lehen Ministro izan zen (1834-1835, 1841-1846). Beste erreforma batzuen artean Corn-law, aleen merkataritzaren inguruko legea, indargabetu zuen (1846), Whig taldearen laguntzaz. Peel-ek hartutako neurri honek bitan banatu zuen alderdi kontserbadorea, liberalismoa bultzatzea leporatu baitzioten. Disraeli buru zuen bere alderdiko taldeak kargua uztera behartu zuen. Ingalaterrako parlamentuan eragin handia izan zuen Peel-ek hil arte.