Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Petri Apostolua, santua

Jesu Kristoren hamabi apostoluetako garrantzitsuena eta Eliza Katolikoaren lehen Aita Santua (Betsaida, Galilea, ? - Erroma, 64 inguruan). Petriren bizitzari buruzko datuak Ebanjelioek emanak dira. Jatorrizko izena Simon Barjona zuen, baina Jesu Kristok Kefas, hots, “harria” arameeraz, deitu zuen (grezieraz, Petros), Elizaren oinarritzat hartzen zuela aditzera emanez. Tiberiades aintziran arrantzale zen eta bere anaia Andresekin Jesusen aurreneko jarraitzaileetakoa izan zen. Ebanjelioen arabera garrantzi handieneko apostolua izan zen hasieratik, eta Joanekin eta Jakuerekin batera Jesusen hurbileneko taldea osatzen zuten. Jesusen mirari handi gehienen lekukoa izan zen; Pasioaren egunetan hiru aldiz ukatu zuen Jesus, baina piztueraren ondoren fededunen talde buruzagitza hartu zuen. Herodes Agripak atxilotu zuen (44 inguruan) baina mirariz ihes egin zuen. Kristau bihurturiko jentilei zirkuntzisiorik ez egitea eta juduen legearen gainerako arauak bete behar ez zituztela erabaki zuen Jerusalemgo kontzilioan (49) esku hartu zuen, proposamen horien aldeko jarreraz. Tradizioaren arabera Erromara joan zen gero eta bertako lehen apezpikua (aita santua) izan zen. Neronen garaian gurutziltzaturik hil zuten (64 inguruan). Tradizioak dioenez Vatikano muinoan lurperatu zuten, gero bere izeneko basilika eraiki zen tokian, baina bertan egindako indusketa arkeologikoek ez dute horren baieztapen garbirik ekarri. Bere izena duten bi gutun kanonikoen egiletzat hartua da. Jaieguna, ekainaren 29a.  v Ikonografia. Hala Ekialdeko elizan nola Mendebalekoan, Petriren irudikapen asko dira. Apostolua beren obretan irudikatu dutenetariko batzuk, Durero, Masaccio, Fra Angelico, F. Lippi, Rafael, Carracci, Ribera, Greco, Zurbaran dira. Petriren irudikapenetan zenbait ezaugarri nabarmentzen dira: giltzak, zeruaren, lurraren eta infernuaren gaineko aginpidea adierazten dutenak; txalupa eta arraina, arrantzalearen eta Elizaren gidariaren sinboloa; kateak, kartzelaldiak gogoratzeko; alderantzizko gurutzea, gurutziltzatu zuten moduaren oroigarri.