Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paulo I.a

Petrovitx. Errusiako enperadorea 1796-1801 urteetan (San Petersburgo, 1754 - San Petersburgo, 1801). Katalina II.aren semea zen. Gaizki konpondu zen amarekin, ideia desberdinak zituztelako eta Katalinak aginpidetik kendu eta Alexandro bilobari utzi nahi ziolako erregetza. 1796ean enperadore izendatu zuten eta Errusiako erregetzarako oinordekotza legea eman zuen, 1917 arte indarrean egon zena. Bere amak araututako legeak baliogabetzen saiatu zen, hark egindako guztia deuseztaten. Nekazarien eta jopuen alde jardun zuen. Militarismo bortitza ezarri zuen Errusia osoan. Frantziako Iraultzaren etsaia zen; ideia iraultzaileei aurre egiteko mugak itxi zituen, zentsura ezarri zuen eta babesa eman zien Luis XVIII.ari eta Frantziako beste iheslariei. 1799an Frantziaren aurkako bigarren koalizioan parte hartu zuen; Zuricheko gudua galdu ondoren kanpo-politika aldatu eta Bonaparterekin elkar harturik ingelesen aurka borrokatu zen Indietan. Pahlen kondeak eta gorteko handiki eta militar batzuk, Paulo I.aren seme Alexandro tarteko, azpilanean aritu ziren eta hil zuten.